Plazer bat izan da

210

Herri Batzordeak itxitzat eman du Azpeitiko sokamuturraren 500. urteurrenaren ospakizuna, lehengo ostiralean azkeneko bilera eginda. Zorionak eta eskerrak eman nahi dizkiegu parte hartu duten guztiei. 

Hilabete pasatxoko egitaraua izan da (urtarrilak 9-otsailak 13), barietatea egon da, hedapen handia lortu dugu, antolaketa ona eta zabala izan da, eta herritarren erantzuna, paregabea. Mundiala izan da (otsailaren 18ko lehen balorazioa).

Baina zifretatik-eta harago doa sokamuturra, berriro ikusi dugunez. Era guztietako jendeak bizi du. Herritarrek txikitatik arnastu dute sokamuturra, memoria kolektiboan dago, eta hori gero, norberak bizitzeaz gain, transmititu egiten da, urtez urte. Tradizio luzea du usadio honek, bost mendekoa barrena, eta luzerako doa. Guk geuk egiten baitugu, herritarrok.

Joan den martxoaren 2an (ostirala), argazkian, goian, ezkerretik eskubira Herri Batzordeko: Mikel Ibarzabal (Udala), Aitor Bereziartua (Zezen Beltz Elkartea), Mikel Odriozola (sokamutil ohia), Onintza Urbieta (sokamuturzalea), Josu Labaka (Udala) eta Jexus Artola (Argazki Elkartea). Behean, ezkerretik eskubira: Julen Labaka (Zezen Beltz Elkartea), Enekoitz Esnaola (sokamuturzalea), Andoni Unanue (sokamutil ohia) eta Fernando Arakistain (sokamutil ohia), azkeneko bileran, Loiola hotelean. Batzordeko beste kide Unai Frantsesenak (Musika Banda) ez zuen azaltzerik izan.

Plazer bat izan da.

KONPARTITU